XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Elorriaren eskolan

PATZIKU PERURENA

AURREKO igandean, bueltaska bat eman nuen mendian.

Kotxea Uztarlekun utzi eta Akandik Oditako atekara bitartean, elorriak izan nituen gogaide.

Izan ere, mendikasko harrizu horietan ugari baita elorria.

Noiznahi ere atsegin ematen du larre soileko elorriondo xarmagarri bati begira egoteak, eta zer esanik ez, negu gorrian zuhaixka xarpail horren edertasun zaildua nabarmentzeko elur zuriak inguru guzia estaltzen dizunean.

Oi elorria! Euskaltasun xuhurraren zaindari xarpaxu isila!

Non ote dabiltza euskal omen diren pintore horiek.

Elorria elurtean izeneko edertasun sor gorde hau erakusteko?

Eta Bitoriano Gandiagak behiala Arantzazun bizi eta sentitu zuen Elorri maitagarri hura etorri zait burura.

Ez dut inon aurkitu euskaltasunaren zuhaitz genealogiko kutunagorik.

Liburuaren osotasun kristau, negarti, ezkorra alde batera utzirik ere, jalki zituen Bitorianok pinporta gorri batzuk, nere idurituan euskal izate soilaren metafora unibertsal izanen direnak:

Elorria arkaitzean lur minez dago, lur zabal gizenari ihes eginik arkaitza aukeratu eban, eta sustraiak ez dautse parkatzen, zarpil, biurri, gure bizitza iduri, betiko samin zaarrean, bakar eta lakar, baina maitagarri.

Horra euskararen bizimina, euskaldunon lurmina; gure bizikera eta historia xarpail maitagarria.

Sofrimen hutsaren sinbologi kristau negarti hori alaitu eta bere zinezko neurrira ekarriz gero, euskal harria, haritza, edo burnia baino benazkoago eta neurrikoago iruditu izandu zait beti elorri erne zaildu hori.

Badu euskarak bere elorri beltza, baina badu bere elorri xuria ere.

Badu oinazea eta badu bere poza non txertatua.

Horra elorria: zuhaixka txapar eta ixila, harizti, pagadi eta gaztainadi haundimandi eta harroak galdu diren lekuetan bere betiko biziera soil xuhur maitagarrian, euskal arima mendikoaren, sasikoaren zaindari.

Sinbolo harroegiak, hantustegiak hartu ditu herri honek bere buruaren ispilutzat.

Bestela esan, gorputzaren azaleko handitasun itsuegi eta barrengo arimaren bizitasun eskasegia dutenak.

Elorriak ez du balio zuraje ederretan dirutzeko; zuhaixka xalkor eta itsusia da.

Ez digu merkaturik, dirurik, eta aberastasunik sortzen, baina gure arimari zailik eutsi dio.

Gaurregun ere merkatua eskatzen zaio gure elorri ttipiari: literatura, ekonomia, politika esportagarriak; baina elorria ez du sorkari komertziala.

Elorriak arrotz egiten dio, euskararen merkatu berri faltsuari ere.

Eta etzazu egin gaizpentsurik: elorria ez da inork uste bezain berekoi, xenofobo eta fanatiko.

Kanpoko ona bere baitako egiten dakien zuhaixka maitagarria duzu elorria.

Bere finezi osoz hartzen baitu kanpoko txertoa, haritz edo pago lerden mitikoek ez bezala.

Txertatu egiten da bai elorria, eta udarea, sagarra, mertxika, edo beste zernahi fruiten ematen dizkigu, baina bere erro zaharrak sekulan galdu barik.

Halaxe berean txertatu da arabieraz, latinez, frantsesez, espainolez edo ingelesez euskararen elorria, baina berezko senaren sustrairik galdu gabe.

Bai, gure zuhaitz genealogikorik zaharrena, zuhurrena, unibertsalena eta umilatuena da elorria, zalantzarik gabe.

Eta ez nauzu literatura hutsa egiten ari, ez; jainkoak bestek ez baitaki zenbat aldiz eta zenbat lekutan egondua naizen elorriondo bati begira.

Goizuetatik batez ere Eneko Elorrita datorkit gogora: borda, iturri, aska, soro, burni aroko mairu baratzak.

Izen horren oihartzunak beti xoratu izan nau, eta joanaldiro han egoten nauzu Gorosti Elkarteak sinalaturiko hilobi zahar kristo aurrekoei begira, elorri xarpaxu haien artean.

Jakin nahiko nuke Ene(ko) horren zinezko sustrai etimologikoa.

Leitzan bada Enemalkor lekuizena.

Eta hain zuzen.

Ena zen elorriaren euskal izen zaharretako bat.

Jasoa daukate Uzeikoek: Ena arrunta: Rhamnus lycioides.

Aranon ere bada Enazti leku eta etxe izena.

Beste lekuizenak, aitonamonetako harri sorginduak zaintzen dituen Elordi, Elordiko zokoa, Elordiko zelaia, Elordiko bixkarra, dira Goizuetako Aitasemegi auzoan.

Baina, orohar, bai toponimian bai euskal deituretan gailen ageri da elorria: Elorriaga, Elorrieta, Elormendi, Elortondo, Elordi, Elordui, Elortza, Elortegi, Elorbide, Elosegi, Elosua, Elosta, Elorrio eta gero arantza sailekoak: Arantzazu, Arantzadi, Arantzeta, Arantzaga, Arantzibi, Arantzegi...

Esapide dotore askoak ere eman ditu, batez ere Elorrio herri izenak: Elorrio eldu yako: zorigaitza, nekea, iritsi.

Ai ene, Koxe! Au da elorrijue, beti amogille ta beti pobre.

Atsekabe haundia ukan: Elorrrio gorria.

Elorrio egin: zorigaiztu, sufriarazi.

Kanpantzar igo barik, Elorrio(koak) ikusi: gorria(k) ikusi.

Elorrio erakutsi: istilu latzak erakutsi.

Esanera horiei guziei sofrimen kutsu kristaua darie, baina elorriak badu nere ustez euskal sinbologia paganoago, alaiago, xuhurrago eta finagorik.

Elorriz zaindu du euskaldunak etxea, etsai eta ekaitzetatik.

Begira bestela ate edo leiho burutan gurutzaturik dauzkan elorri adaxka horiei.

Elorriz zaindu ditu lurrak, eta elorriz mugak, arrotz lotsagabeei muturra atzetzeko elorri hesiak eginez.

Gaizkileak gorputzean txertatu dion pozoina ere, elorri xuriaren arantzez zulatuz sendatu du euskaldunak.

Aspaldi haundiko makila ere, elorri zurizkoa du euskaldunak, bere buruan xutik eusteko eta etsaia uxatzeko apropos egina.

Euskararen arima xuria xaharberrituz harilkatzeko ardatza ere elorriz egin ditu euskaldunak.

Eta elorri zuria astindu, eta lurrera ordukotz lora urre bihurtu zaio euskaldunari, eta halaxe gero euskararen lore fina ahoan urre, bere lur zaharra jo ordukotz.

Eta balada xaharrak dioenez, hantxe da geroztik: elorri xuriaren itzalpean loak harturik, euskararen basandere maitagarria larrugorritan.

Sinbologi ugaria du elorriak, eta ez batere negartia.

Honatx atzera B. Gandiagaren Elorri liburuko pasarte batzuk:

Badator eta badoa, bada eta ez da/
Munduko zoriona soñua legez da.

Munduak zarata hantuste eta hots zakarregiak ari ditu, baina euskal elorriak bere apaltasun zailduan soinu fina ari du oraino.

Ezin neban siñistu munduaren utsa/
gero munduak berak adierazi deusta".

Mundua bere lurra du euskarak, eta barrengaldu askok predikatzen du mundu horren hutsa, eta beste nonahi eta goinahi antzuetan bilatzen zakurraren puntza; baina euskararen elorriak besterik diotsa:

Elorriak udalenari lore mortxaka zuria.
Samin zaarren arantzetik, pozez ixuria.

Mendikaskorik soilenean, malkorrik gaiztoenean, inondikako gerizik gabekoan, irango du negute gorria, eta halarik ere, ekaitz arrotz guzien gorrotoa maitasun xuhur eta zaildu bihurtuz, aurreneko lorea elorriak ematen dio eskura udaberriari urtero.

Bai metafora zuhur eta doiak guretzako.

Elorria, oinaze eta neke hutsa erakusteko erabili du azken mendeotako euskaldun kristau negartiak, baina, ongi begiratuz gero, guziz bestelako lezioa ematen digu elorriak: apaltasun, xarpail, erne, alai, maitagarrizko irakaspen zaildua.

Gure zuhaitzetan, elorriak egin baitu negarrik ixilena eta finena.

Neretzako behintzat, nonahi eta betiko humanista xaharra iduri, zuhaitzik eredugarriena izan da.

Sofrimena barrendik jasaten dakiena, sofrimen horren nabarmenkeria negartirik sekula egin gabe.

Eta nago, egungo euskaltasuna, sofrimenik ez den lekuan ere negar zuria sortzera ohitzen ari ez ote den.

Urruntzen alegia, elorriaren eskola xahar xuhurretik.